Cita Alzheimerwww.cita-alzheimer.org

Diagnostiko kontsulta eta jarraipena


Oroimen-arazoak edo beste gorabehera kognitiboren batzuen sintomak dituztenen diagnostiko goiztiarra egiten du oroimenaren klinikak, baliabide modernoak erabiliz. Horra CITA-Alzheimer Fundazioaren Ikerketa eta Terapia Aurreratuen Zentroak gizartearen zerbitzura jartzen duen bitartekoa.

Neurologian, neuropsikologian eta erresonantzia magnetikoan aditu diren zenbait lagunez osatutako lantaldea du klinikak, eta medikuntza pertsonalizatuan oinarritzen den arreta eskaintzen du, puntako teknologiaz baliatuz oroimen-arazoei aurre egiteko eta haiei buruzko galdera eta zalantzei erantzuteko.

Dementzia eragiten duten gaixotasunei dagokienez (alzheimerra, adibidez), diagnostiko ahalik eta goiztiarrena egitea gomendatzen dute CITA-Alzheimer Fundazioaren Oroimen Klinikako adituek, zenbat eta goizago ezarri orduan eta eraginkorragoak izaten baitira, haien iritziz, tratamenduak (farmakologikoak eta ez-farmakologikoak) eta bestelako neurriak.  Elkarrizketa bidezko azterketa neurologiko zorrotza, azterketa neuropsikologiko osoa eta kasu bakoitzak eskatzen dituen baliabide diagnostikoen aplikazioa (hiru teslako erresonantzia magnetiko zerebrala, PET zerebrala, etab.) dira diagnostiko goiztiar eta zuzenaren oinarria.

Behar den denbora guztia ematen du Oroimenaren Klinikako lantaldeak pazienteari eta haren senideei diagnostikoa eta tratamendu-plana azaltzen, betiere irizpide etiko hauei jarraikiz: autonomia, on egitea eta kalterik ez egitea.  Diagnostikoarekin eta tratamenduarekin batera, prozesuaren bilakaerari buruzko informazioa eta aholkularitza ere eman behar zaizkio pazienteari, zer neurri hartuko diren azaldu, eta, azkenik, gaitzaren segimendua egiteko eta ager daitezkeen gorabeherei berehala aurre egiteko plan pertsonalizatu bat diseinatu.

 

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.