Cita Alzheimerwww.cita-alzheimer.org

Alzheimerrari aurre hartzeko boluntarioak

Alzheimerrari aurrea hartzeko ikerketa egiten ari da Donostiako Cita-Alzheimer ikerketa zentroa. 500 boluntario ari dira parte hartzen. Horietako bi dira Jon Ander Aizpurua eta Txaro Arteaga.

Halako gaitzei sendabidea topatu nahi bazaie, funtsezkoa da guztion konpromisoa eta elkartasuna». Txaro Arteagaren hitzak dira. Arteagak urteak egin zituen Emakundeko zuzendari eta Herri Irratiko esatari moduan. Egun, beste hamaika konturen artean, Donostiako Cita-Alzheimer zentroa egiten ari den ikerketa batean parte hartzen du, boluntario gisa. Ikerketaren xedea: alzheimerrari aurrea hartzea, eta gaixotasuna eragiten duten arrazoiak hobeto ezagutzea. Konpromisoaz eta elkartasunaz gain, beste gauza bat ere eskatu du proiektuarentzat Jon Ander Aizpuruak, beste boluntarioetako batek: dirua. «Proiektu hauek behar dutena baliabideak dira».

Egun, 500 bat boluntariok parte hartzen dute ikerketan. Horietako batzuk alzheimerra duten edo izan duten gaixoen senideak dira. Beste batzuek, berriz, ez dute familian gaixorik. Hori da Arteagaren eta Aizpuruaren kasua. «Pozgarria da gu bezalako asko ikustea».

Aizpuruari duela urtebete egin zizkioten azken probak. «Beti gustatu izan zaizkit garunari eta haren kontrolari lotutako gauzak, eta ikerketaren berri izan bezain laster erabaki nuen parte hartzea. Oso aberasgarria izaten ari da esperientzia. Gainera, gaixotasuna hobeto ezagutzeko aukera ematen dizu».

Arteagari azterketaren bat egitea falta zaio oraindik. Duela urtebete eman zion lagun batek Cita-Alzheimer zentroan egiten ari ziren ikerketaren berri, Donostiako Zinemaldiko film bat ikustera sartzeko ilaran. Izena ematea erabaki zuen. «Nire lanek beti izan dute gizartearekiko konpromiso bat, alde sozial bat. Orain erretiratua nago, baina saiatzen naiz konpromiso horri eusten. Gizarteari laguntzeko zerbait egin badezaket, zergatik ez dut egingo? Proiektu hau, gainera, oso garrantzitsua da. Alzehimerra oso gaixotasun gogorra da, ez bakarrik gaixoentzat, baita haien senide eta zaintzaileentzat ere. Zerbait egin badezaket gaitzari aurrea hartzen laguntzeko, ni, prest. Zientzialariek gure laguntza guztia behar dute».

Askotariko probak

Mota askotako azterketa medikoak egiten dizkiete boluntarioei: odol eta gernu analisiak, erresonantzia magnetikoak, gerrialdeko ziztada... «Nik, adibidez, ez dut egin gerrialdeko ziztada. Lesio larri bat izan nuen, eta ez dut nahi ukitzerik. Ez zaituzte behartzen». Arteagari hemendik aste gutxira egingo diote gerrialdeko ziztada. Proba horri esker lortzen dute ikerlariek informazio gehien. Anestesia jarri behar dioten arren, ez dio beldurrik ematen. «Egia da ez direla proba atseginak, baina merezi du».

Horrekin batera, beste hainbat proba egiten dizkiete: memoria ariketak, adibidez. «Denbora-pasa modukoak dira. Ni ez naiz oso trebea horretan; baina, tira, egin ditut», irribarrez, Arteagak. Betidanik izan ditu gogoko halako erronkak Aizpuruak.

Horrekin batera, bizi-ohiturei buruz ere galdetzen diete. Arteagak aitortu du bekaturen bat: «Uste dut nahiko elikadura ohitura onak ditudala, baina ez dut kirolik egiten». Erantzunak benetakoak direla ziurtatzeko, ondoren senideren batekin erkatzen dituzte. Parte hartzaileen esku uzten dute proben emaitzak jakitea edo ez. «Niri berdin zait», esan du Aizpuruak. Arteagak jakinarazteko eskatu die.

Biek espero dute sendabidea aurkitzeko ez bada ere, behintzat, gaitza lehenago diagnostikatzeko eta gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko balio izatea ikerketak.

Parte hartu nahiko luketen beste boluntario batzuei mezu argi bat utzi nahi izan diete: «Ez daitezela etor pentsatzen alzheimerra izango duten edo ez esango dietenik. Hori ez da ikerketaren xedea, baizik eta gaitzari aurrea hartzeko borrokan laguntzea. Parte hartu nahi dutenek garbi izan behar dute hori».

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios y mostrarle publicidad relacionada con sus preferencias mediante el análisis de sus hábitos de navegación. Si continúa navegando, consideramos que acepta su uso. Puede cambiar la configuración u obtener más información aqui.