Cita Alzheimerwww.cita-alzheimer.org

Zer da Alzheimerra?

Neuroendekapenezko gaixotasun bat da alzheimerra, eta dementzia eragiten du.

Gaixotasun batek kognizioaren, jokaeraren eta egoera psikologikoen funtzionamendu normala larriki urratzen duenean agertzen da dementzia, eta hura jasaten duenak ezin du bizimodu autonomorik egin. Horrenbestez, galdu egiten du independentzia pertsonala, lanekoa, familiarra eta soziala dementzia pairatzen duenak. Dementzia ez da, berez, zahartze-prozesuaren parte normal bat: garunaren egoera morboso batek eragiten du. Gaixotasun zerebrala ez ezik, pertsonaren eritasun bat ere bada dementzia, eta haren familiaren patologia bihurtzen da, gizakiok bereizgarri ditugun gaitasunak hondatzen baititu. Familiak bermatu behar izaten du dementearen zaintza eta hartaz arduratu; bestalde, sarritan gainkarga jasan ohi dute dementearen senitartekoek (zaintzaile nagusiak, batez ere) eta txarrera egin ohi dute ezkontidearekiko edo anai-arrebekiko haien harremanek. Arduratu egin behar du gizarteak gaixoen eta haien zaintzaileen premiez, gizarte osoari eragiten dion gaitza baita dementzia.

Alzheimerren gaixotasuna da dementzia-motarik ohikoena, kasuen % 70en eragilea. Horren atzetik datoz gaixotasun baskular zerebralak eta endekapenezko beste dementzia batzuk; besteak beste, Lewyren gorputzen gaixotasuna, endekapen lobar frontotenporalak eta Parkinsonen gaixotasunari lotutako dementzia.

Neuronak eta neuronen arteko lotura galtzea (sinapsia) du ezaugarri nagusietako bat Alzheimerren gaitzak. Bestalde, proteina amiloideak metatzen dira, plaka senil eta neuritiko modura, eta tau proteina hiperfosforilatua duten haril neurofibrilarrak eratzen dira neuronetan.

Poliki garatzen dira, urtez urte, gaitzak eragiten dituen aldaketa patologikoak. Oroimenaren prozesuetan esku hartzen duten neurona-sareetan hasten da hondamena, eta, ondoren, garun-azaleko zenbait eremutara hedatzen da. Ikuspegi klinikotik aztertuta, hiru fase ditu prozesu motel horrek: Fase preklinikoan, sintomarik eragiten ez duten aldaketa batzuk hasten dira garunean. Fase prodromikoan agertzen dira lehenbiziko oroimen-hutsuneak eta funtzio kognitiboen beste hondamen-aztarna batzuk, baina eguneroko bizimodurako funtzionamendu-autonomiari eutsi egiten dio gaixoak. Dementzia-fasean, ordea, mendekotasuna pairatzen du pazienteak eta ez da gai izaten bere kabuz jarduteko. Dementziaren fase horrek ere hiru etapa ditu: arina, ertaina eta aurreratua.

 

Gure Cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu nabigazio zerbitzua hobetu eta erabiltzailearen nabigazio lehentasunen arabera publizitatea erakusteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Zure baimena atzera bota edo informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.